Azken hilabeteotan, hainbat murrizketa ekonomiko izan dira geografia osoan, baina, bereiziki Euskal Herrian, aldaketa nabarmenak egon dira, eta denak krisiarekin lotuta daudela esan genezake. Gipuzkoako eta Arabako aldundietan iragarritako aurrekontuen inguruko tirabirak ez ezik, Bilboko Udalak beste zenbait neurri ere eman ditu ezagutzera. |
Euskal Autonomia Erkidegoko herrialdeetan, zenbait neurri ezarri dira egoera ekonomikoari aurre egiteko. Udal hauteskundeen ostean, aldaketa ugari izan dira EAEko udaletxe eta aldundi askotan; horren ondorioz, aurrekontu berriak orekatzeko xedez, hainbat gastu murrizketa egon dira.
Gipuzkoaren kasuan, kontuetan desoreka handia dagoela eman da ezagutzera, eta, ondorioz, egoera ekonomiko delikatu honen aurrean, proiektu batzuk bertan behera geldituko dira. Hala adierazi du Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak.
Gauzak horrela, Markel Olanok, ahaldun nagusi ohiak, Francok esandakoari erantzun dio, eta haren adierazpenekin ados ez dagoela argitu du EAJko kideak. Hain zuzen ere, Bilduko aldundiari diru-kutxen inguruko interpretazio irreala egitea egotzi dio. |
Gipuzkoako Batzar Nagusiak
Gipuzkoako Batzarretako bozeramaile sozialistak, Rafaela Romerok, egoera argitzea beharrezkoa dela esan du; “egia zeinek esaten duen jakin behar da”, adierazi du. Horretaz gainera, gaur egungo Aldundiak proiektu ezaren, programen gabeziaren eta kudeatzeko ezintasunaren ardura besteen bizkar utzi nahi ote duen ere jakin nahi du Romerok.
Bozeramaileak aitortu du “krisiak eta aurreko gobernuaren kudeaketa txarrak Gipuzkoarentzat etorkizun latza” utzi duela. “Bilduko gobernuak murrizketak egingo ditu eta, ondorioz, proiektu batzuk bertan behera geldituko dira”, esan du Romerok.
Arabako aurrekontua
Gipuzkoan gertatzen den bezala, Arabako egoera ekonomikoa okertu egin da azken hilabeteotan, eta litekeena da udazkenean murrizketak egotea.
Zerga bidez iaz kalkulatutakoa baino %10 gutxiago bilduko duela uste du Arabako Foru Aldundiak; hain zuzen ere, 207 milioi euro, hots, urte amaieran espero zuena baino 207 milioi euro gutxiago bilduko dituela kalkulatu du Ogasun Sailak.
Jose Zurita Ogasun diputatu berriak adierazi du desoreka hori zuzentzeko, aldundiak ez duela zorpetzea handitzeko asmorik. Dena dela, gastu publikoa murrizteko neurriak hartuko ditu foru gobernuak.
Zuritak zalantzan jarri ditu aurtengo aurrekontua egiteko erabili ziren bilketa aurreikuspenak, eta adierazi du “ez direla oso errealistak izan”. Finantzen Euskal Kontseilua datorren urriaren 15ean bilduko da, eta batzar horretan urteko bilketaren itxiera finkatu beharko du. |

"Egia zeinek esaten duen jakin behar da",
adierazi du Romerok |
Ogasun diputatuaren arabera, EAJk uste zuen zerga-bilketa %5,6 handituko zela, baina, azkenean, %5 egin zuen behera, eta horrexek eragin du desoreka. Ildo berari jarraituz, Zuritak adierazi du uztailerako aurrekontuaren %84 lotuta zegoela, eta horrek mugatu egiten duela egungo Aldundiaren jarduna.
Bilboko Udaleko zerga igoera
Bilboko Udalak bi urte daramatza zergak eta tasak igo gabe, baina, 2012. urtetik aurrera, zergen igoera %2,5ekoa izango da, batez beste. Honekin batera, jarduera ekonomikoa sustatzeko eta indartzeko helburuarekin, neurri fiskal batzuk ere ezarriko dira. Erabaki hauek indarrean sartu ostean, Udalak 8,5 milioi euro aurreztu ahal izango dituela aurreikusi du.
“Enpresa txikia eta ertaina bultzatzea da xede nagusia”, horrela adierazi dute Bilboko Udaleko bozeramaileek; “ETEak garrantzitsuak dira, eta oso sentikorrak gainera aldaketa ekonomikoei dagokienez”.
Nahiz eta tasen igoeraren batez bestekoa %2,5ekoa izan, kopuru hori baino gehiago igoko diren tasak ere badaude; TAO (%3,75), Bilbao Kirolak (%3,81), garabia (%3,14) eta Bilbobus (%2,88), esate baterako.
Neurri nagusiak
Jarduera ekonomikoa sustatzeko neurriak ugari izan dira, baina nagusienak aipatuko ditugu. Lehenengo eta behin, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) izoztea, eta, bigarrenik, Udal-jabetza publikoaren erabilera pribatuagatiko eta aprobetxamendu bereziagatiko tasa izoztea.
Bestalde, hirigintza, eraikuntza eta sustapen-enpresen Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ), hobariaren portzentajea %50etik %90era handituko dute, bi urtez. Helburua eraikuntzaren jarduera sustatzea da, sektorearen egungo krisi-egoeraren barruan. Neurri honekin, salmentak moteldu dituzten eraikuntza-enpresen onura fiskalak areagotzen dira. |