Azken eguneratzea: 2011ko maiatza
ERREPORTAJEA

Sindikatuen mobilizazioek nabari egin dute
gora azken hilabeteotan

Azkenaldi honetan bai Euskal Herriko sindikatuek baita Estatu mailan ordezkaritza dutenek ere greba, mobilizazio eta manifestazio ugari antolatu dituzte. Enpresa askok euren mugimendu partikularrak egin dituzte (Espediente Erregulatzaileak edo langileen plantilla murrizketak direla medio, adibidez), baina orokorragoak diren deiak ere egin dira azken aste hauetan; nabarienak, besteak beste, Gobernu zentralaren neurri ekonomiko berrien aurkako manifestazioak edo maiatzaren lehenaren egunekoa izan dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan hainbat manifestazio eta greba egin dira azken urtean, batez ere krisialdi ekonomikoaren eraginez, eta, horren ondorioz, erakunde publikoek ezarritako neurrien aurka egin dute.

Duela urtebete, Gobernu zentralak krisiari aurre egiteko neurri eta erabaki berriak ezagutzera eman zituen; horren ondorioz, sindikatu gehienak eta langile talde asko erabaki horien aurka altxatu ziren, mobilizazio eta greba asko antolatuz.

Ildo berari jarraituz, azken manifestazioen artean, Maiatzaren Lehenean egindakoa dugu, hain zuzen ere, langilearen egunean egindakoa. Euskadiko zenbait sindikatu beste behin bildu ziren, langileriaren egoera hobetzeko xedearekin, EAEko hiri eta lurralde ugaritan.

Sindikatu abertzaleen jarrera

Horren harira, ELA, LAB, STEE, EHNE eta HIRU sindikatuek Bilbon ospatu dute Maiatzaren Lehena, manifestazio handi eta bateratu batekin. 2004tik, lehen aldiz ospatu dute elkarrekin, eta milaka lagun elkartu dira beste eredu ekonomiko eta sozial bat eskatuz. Hitzorduak sindikatu abertzaleak batu ditu zazpi urte geroago.

Adolfo Muñoz ELAren idazkari nagusiak hitzaldian esan duenez, “onartutako neurri guztiek lanaren eta elkartasunaren kontra egiten dute, eta ez ditugu Gobernuak sinetsi behar, gezurretan ari baitira”. ELAren ustez, krisia, ekonomiarena ez ezik, politika eta demokraziarena ere bada.

Bestalde, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren aburuz, krisiari aurre egiteko, “beste eredu ekonomiko eta sozial bat ezarri behar da, eta, gaur egun, aukera hori gero eta garbiagoa eta beharrezkoagoa da”.

LABen arabera, beste politika batzuk egin daitezke; “gainera, Euskal Herrian bada horren alde egiten ari den gehiengo soziala, hiru greba orokor egin baititugu”, gaineratu du Etxaidek.

Oro har, LABek emandako datuen arabera, Maiatzaren Lehena zela-eta, Euskadiko gehiengo sindikalaren deialdiari jarraituz, 15.000 langile mobilizatu ziren Bilboko kaleetan.

Politiken aldaketa aldarrikatu

Dena dela, sindikatu abertzaleak ez dira izan politiken aldaketa eskatu duten talde bakarra, izan ere, Euskadiko CCOO eta UGT sindikatuek ere aldarrikapen berbera egin dute Bilbon Maiatzaren Lehenean. Bertan, zerga-politikak aldatzea eta politika sozialak bermatzea eskatu dute, besteak beste.

Unai Sordo Euskadiko CCOOren idazkari nagusiaren esanetan, aurtengo Langilearen Eguna, bere sindikatuarentzat, aldarrikatzeko eguna izan da. Bere aldetik, Dámaso Casado Euskadiko UGTren idazkari nagusiak Maiatzaren Lehenaren izaera “jai eta aldarrikapen egun batena” dela adierazi du.

 

   
Bestelako aldarrikapenak


Manifestazio eta greba orokorrak alde batera utzita, azken aldi honetan Euskadiko sindikatuek gai eta sektore zehatzen inguruko mobilizazioak ere egin dituzte; horien artean, eskola publikoetako euskal jantokien greba.

LAB, ELA eta UGTren arabera, hau da, grebarako deialdia egin duten sindikatuaren arabera, EAEko eskola publikoetako jantokien %70ek greba egin du maiatzaren 2an, lanuztearen lehenengo egunean.

Iturri sindikalek jakitera eman dutenez, Bizkaiko jantokien %75ek eman dio atxikimendua grebari.
Euskadiko eskola publikoetako jantokietako 4.500 langilek hurrengoa eskatu dute: Hezkuntza Saileko langileen soldata bera izatea, zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz etengabeko hobekuntza sustatzea eta guztiontzako hezkuntza egotea.

Osasunaren nazioarteko eguna

Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, laneko osasunaren egoeraren gaineko salaketa izan zuten ahotan ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuetako idazkari nagusiek. Esaterako, Ainhoa Etxaidek adierazi bezala, “alarma sortzen duen egoera bizi dugu”.

Iaz 80 langile hil ziren lan istripuan EAEn, eta, aurten, hamazortzira heldu da kopurua. Horiei, gainera, laneko gaixotasunen ondorioz hil direnak gehitu behar zaizkie.

Sindikatuek antolatutako mobilizazioan, gogor kritikatu zuten erakundeen utzikeria, eta gogorarazi zuten oraindik ere datuak ezkutatzen jarraitzen dutela.

 

 
Itzuli
 
 

 

 






 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK