Javier De Andres Arabako diputatu nagusiak ezagutzera eman ditu Arabako Foru Aldundiak Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileran azaldutako proposamenaren oinarrizko bi lerroak.
De Andresen ustez gainerako administrazioek proposatutako ekimenek, presio fiskala areagotzeko helburu dutenak, arazoaren ikuspegi “partziala” dakartela. “Proposatu dituzten ekimenak defizita konpontzera bideratuta daude zuzenean, arazoaren muinari heldu gabe, hau da, langabeziari, ekonomiaren jarduera-ezari eta horren ondoriozko zergabilketaren jaitsierari heldu gabe”, azaldu du diputatu nagusiak.
Enplegua sortu
Era berean, De Andresek ziurtatu du Arabako Foru Aldundiak bai ekonomia jarduera bai enplegua sortzea sustatuko dituen zerga araudiaren alde egingo duela. Izan ere, diputatu nagusiak dioenez, helburu hori ez da lortuko BEZa igotzen, kontsumoari kalte eginez, ezta PFEZa igotzen ere.
“Negoziazioak ongi bukatu daitezela espero dugu, administrazioetan ez dagoelako indar politiko bat ere zerga sistema bat beste inor gabe lortzeko gai denik”, azaldu du ahaldun nagusiak.
Javier De Andrések adierazi du zein den Arabako Foru Aldundiaren asmoa, “enplegua sortzeko edo dagoena egonkor bihurtzeko gauza diren enpresei pizgarriak ematea”, hain zuzen ere.
EBko Justizia Epaitegia
Bestalde De Andresek esan du Arabak itzuli zituela Europako Batasunak legez kanpokotzat jo dituen diru-laguntzak, eta ondorioz ez duela zigorrik merezi. Arabako Batzar Nagusietan galdetu diote De Andresi laguntza fiskalen itzuleragatik.
Horren harira, diputatu nagusiak esan du 2007an Europako Batasuneko Justizia Epaitegian eman zuen epaia betetzeko asmoa duela, eta nola ordaindu behar duten jartzen duela soilik auzitan.
|