Patata-tuberkuluetan goi-mailako almidoia lortzeko proiektu bat garatu du Neiker-Tecnaliak, erreminta molekular eta genetiko berriak erabiliz. Helburua da almidoiak industrian erabiltzeko kondizio fisiko eta kimiko hobezinak izatea, bai eta elikagai osasungarriagoak eta funtzionalagoak ekoizteko aukera ematea ere.
Askotariko ezaugarriak dituen almidoiz osatutako patata-barietate berriak lortzeko erreminta berriak erabili behar dira, hautaketa fenotipiko tradizionalarekin nekez lortzen baita hobekuntza genetikoa.
Alelo-meatzaritza
Patata-almidoiaren propietateen modulazioa lortzea da helburu orokorra bai eta modulazio horiek eragindako efektuen analisia ere.
Horren harira, Neiker-Tecnaliako ikertzaileek "alelo-meatzaritzaren" alde egin dute. Ikerketa-alor horrekin, baliabide genetikoen bildumen barruan dauden ezaugarri garrantzitsuenetan ematen diren alelo-aldaerak identifikatzea dute helburu.
Ikerketa osatzeko, alderantzizko genetikaren bidez mutatutako patata dihaploideak ekoitzi dituzte, eta geneen aktibitate-mekanismoa aztertu dute horrela. |