Azken eguneratzea: 2009ko Apirila
I+G+i ALBISTEAK

TECNALIAk ibilgailuen segurtasuna hobetzeko
lanean dihardu

TECNALIA Korporazio Teknologikoko automobilgintza-unitateak, GESTAMP enpresarekin lankidetzan, ADAPTA izeneko proiektuan parte hartuko du, etorkizuneko ibilgailuen segurtasuna hobetzeko asmoz. Alboko talkak gertatuz gero, ibilgailuen segurtasuna hobetzeko sistemak, prozesuak eta materialak garatzea du helburu proiektu honek. Horretarako, hainbat fabrikazio-prozesu aztertuko dira, analisi-kontzeptu berriak garatuz. TECNALIAk alboko egitura moldakorren arkitektura berriak birtualki modelizatu eta baliozkotuko ditu, alboko inpaktuek ibilgailu bateko bidaiariei eragiten dizkieten kalteak gutxitzeko asmoz.

ADAPTA

Lankidetza GESTAMPekin

CENIT egitasmoaren barnean, ADAPTA ibilgailuen babesa hobetzeko sortu da. TECNALIA GESTAMPekin batera ari da ikerketa horiek egiten. Ibilgailuentzako osagaiak eta euskarri metalikoak garatzen eta fabrikatzen dituen nazioarteko taldea da GESTAMP. Munduko 17 herrialdetan dago presente, eta, guztira, 11.750 lagunek baino gehiagok lan egiten dute taldean.


Esnea

Nafarroako esnearen AFM1 toxina-kantitatea
ez da kezkagarria

Urtebete iraun duen ikerketaren ondorioz, Nafarroako esneak AFM1 toxina naturalaren kantitate esanguratsuak ez dituela ondorioztatu du Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Fakultateak. Nafarroako Foru Erkidegoko 40 ustiategi aztertu eta gero, aztertutako esnearen AFM1 toxina-kantitatea "kezkagarria" ez dela adierazi du Ester Gómez Arranz kimikariak.

Toxina horrek batez ere esne gordinean nahiz haur jaioberrientzako zenbait formulatan izan lezakeen eraginaren azterketan oinarritu da Kimika eta Edafologia sailean egindako lana.

"Haur jaioberrien formulazio horiek araudi zorrotza dute, eta maila baxuenak eman zituzten aztertutako guztien artean", azpimarratu du Ester Gómezek. Jogurtak, esneki funtzionalak, gatzatuak eta abarrak ere esnekien talde segurua dira, toxina horren edukiari dagokionez.

Gibeleko tumoreekin erlazionatuta

Azterketaren arduradunek toxina hori atzematearen "garrantziaz" ohartu dute, gibeleko tumoreen garapenarekin zerikusia omen baitu. "Horregatik, toxinaren kontzentrazio maximoak arautu zituen Europako Batasunak", adierazi dute ikertzaileek. Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile talde honen arabera, kutsatutako esnea kontsumitzailearengana iritsiz gero ere, substantzia kaltegarria kontzentrazio-maila seguruen barnean dago, egindako ikerketek erakutsi dutenez. AFM1 substantzia animaliek AFB1 toxinaz kutsatutako pentsuak jatearen ondorioz beren metabolismoetan sortzen duten toxina da.


Musika

Ia 50.000 euro musika atonalaren ulerkuntza eta sustapenerako

Musika atonala hobeto ulertzen eta hedatzen lagunduko duen azterlana hiru urtez garatzeko diru-laguntza lortu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Espainiar Estatuko Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak bideratutako 49.610 euroko finantzaketaren bidez musika-pertzepzioa ebaluatzeko eta garatzeko taldeak "Entzumena, ezagupena eta emozioa goi-mailako musika-ikasleek musika atonala interpretatzean" izenburuko egitasmoa garatuko du.

Azterlana, 12 kontserbatoriotan

Goi-mailako kontserbatorioetan musika atonalari buruzko azterlana sustatzea litzateke ikerlan honen xedea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Musika Saileko arduradunen aburuz; "musika atonala urrundu egiten da tonu-sistemak ezarritako arauetatik" eta "XX. mendearen hasieran hasi zen garatzen", musika-diskurtsoaren bilakaera gisa, hain zuzen ere. Helburua betetzeko, espainiar Estatuko goi-mailako 12 kontserbatoriotan egingo da azterlana, "Musika-interpretazioa" espezialitatea ikasten ari diren 80 ikaslerekin. Informatika-programa zehatzen bitartez, grabatutako informazioaren azterketa psikoakustikoa egingo da, eta, ondoren, bildutako informazio hori aztertu egingo dute. Musika atonalak zailtasun ugari ditu gaur egun ganbera kontzertuetan garatu ahal izateko, eta azterlan honek balizko zailtasunak aztertu nahi ditu, hobeto ulertzen eta hedatzen laguntzeko.


SPRIk eta Innobasquek euskal berrikuntza sustatzeko hitzarmena sinatu dute
Euskadiko bigarren eraldaketa ekonomiko eta sozial handia bultzatu eta sustatzeko asmoz, Industriaren Eraldaketa eta Sustapenerako Baltzua SPRIk eta Berrikuntzaren Euskal Agentzia Innobasquek aliantza bat sinatu berri dute. Hitzarmen honen bitartez, berrikuntza gaietako estrategia esparru publiko-pribatuaren barnean garatuko da. Bi erakundeek berrikuntza sustatzeko gaitasun eta erantzukizuna daukaten beste eragile batzuekiko koordinazioa sustatuko dute, indarrak batu eta berrikuntzaren gunean Europako erreferente bilakatzeko ekintzak ugaritzeko asmoz. Innobasque irabazi asmorik gabeko elkarte pribatua dugu, 1.005 antolakunde hartzen dituela bere baitan. SPRIk, bestalde, laguntza eta aholkularitza ematen dien baltzua da, euskal enpresei administrazio publikoaren programa aktibo guztiak eskainiz.
SPRI
 

 
BESTE I+G+i ALBISTEAK
2010eko ekainaren albisteak 2010eko urtarrila-martxoaren albisteak
2009ko abenduaren albisteak 2009ko azaroaren albisteak
2009ko ekainaren albisteak 2009ko maiatzaren albisteak
2009ko apirilaren albisteak

 

 






 
 
DFB GB-POL-LING KULTURA SAILAK
(KULTURA SAILA HIZKUNTZA
POLITIKARAKO SAIBURUORDETZA)
DIRUZ LAGUNDUTAKOA
logo leizaola

 

HASIERA · ALBISTEGIA · ELKARRIZKETAK · ERREPORTAJEAK · I+G+i · TEKNOLOGIA · AISIALDIA · LAN ESKAINTZAK