RED-Españako Diseinu Enpresen Elkarteak aditzera eman du Bilboko hautagaitzaren aldeko jarrera, 2014an Diseinuaren Munduko Hiriburu izan dadin. Ondoren, “Diseinua berrikuntzaren bektore gisa” saioa izan da, eta bertan mintzatu dira Nani Marquina, REDeko presidentea; Andoni Aldekoa, Bilboko Udaleko kontseilari ordezkaria; Joan Mellen, REDeko zuzendari nagusia, eta Guillermo Ulacia, Innobasqueko presidentea.
Hautagaitzaren aldeko argudioak
Marquina izan da lehenengoa hitz egiten; “Bilbok diseinuarekiko konpromisoa erakutsi du proiektuak bultzatzeko orduan. Pentsamolde hori euskal enpresetan ere badago eta horren erakusgarri da eskaintzen duten produktu zaindua”, adierazi du REDeko presidenteak.
Bestalde, Andoni Aldekoa Bilboko Udaleko kontseilari ordezkariak World Design Capital antolatzen duen Industria Diseinuaren Nazioarteko Kontseiluko kideei Bilbok aurkeztu dien proiektua erakutsi du.
Joan Mellenen iritziz, “REDek duen aktiborik eta onurarik garrantzitsuenetako bat desberdintzea edo bereiztea lortzeko bilaketa eta lana da”.
Lehiakortasuna
Guillermo Ulaciak, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, nabarmendu du Innobasque laguntzen ari dela bere bazkide-sarearen bidez Bizkaiko hiriburua 2014an Diseinuaren Munduko Hiriburu izan dadin. Ulaciak esan du diseinua lagungarri dela lehiakortasuna eta gure bizi-kalitatea hobetzeko. |